Aza 18, 2017 / by amanrique / Iruzkinik ez

Donostiako Nazioarteko Komiki eta Manga Azokaren lehenengo edizioak arrakasta handia izan zuen bisitarien kopuruari dagokionez. Jendetza joan zen azokan hiru egunetan Donostiako Kursaal Jauregira. Komikiaren eta mangaren zaleek bizitzaz eta kolorez jantzi zuten zeresan handia eman zuen ekitaldi hura.

Bildumazaleen pieza bakanez osatutako Star Wars unibertsoari eskainitako erakusketak erakarri zuen bisitaririk gehien. Antolatutako beste erakusketetako batek Euskal Komikiaren Urrezko Aroa aldarrikatu zuen, Euskadiko komikiaren munduko izen handiak elkartu zituen atzera begirako erakusketan.  Komikiaren munduko nostalgikoentzako eta zalerik amorratuenentzako zinezko esperientzia.

Gonbidatutako egileek eskainitako hamarka hitzaldiek, ikastaroek eta editoreekin antolatutako topaketak ere jende andana erakarri zuen. Marrazkigileen, gidoilarien eta komikiaren munduko adituen esperientziek ere piztu zuten ikusmina. Editoreekin egindako topaketak editoreak etorkizuneko egileekin elkartzeko balio izan zuen, beren burua ezagutarazteko eta beren lana aurkezteko aukera izan zutelarik talentu hauek.

Japoniar kulturari eta idazketari buruzko tailerrak ere oso deigarriak iruditu zitzaizkien bisitariei. Baita Magic eta Yu-Gi-Oh! Torneoak ere; benetako ikuskizuna jokoaren maisuok elkarrekin lehian ikustea. Karaokeak ere ezin zuen hutsik egin; ezinbesteko jarduera baita japoniar kulturan, eta Donostiako Komiki Azokan ere izan zuen, nola ez, bere tokia.

Denda, argitaletxe, liburutegi eta marka askok ere bat egin nahi izan zuten azokako jaiarekin, eta beren produktuak eraman zituzten Komikiaren Azokako azokara. Ehunka lagun elkartu zen hantxe komikien edizio bakarrak, merchandisingeko artikuluak, elastikoak eta bestelako produktuak ikusmiratu eta erostera.

Baina Donostiako Kursaal Jauregia kolorez eta dibertsioz bete zuen ekitaldi bat aukeratzekotan, Cosplaya izan zen hori. Gonbidatutako cosplayerrek ­–alor honetako figura bikainak– eta cosplayer zaleek hiru egunez jardun zuten elkarrekin, eta cosplay lehiaketarekin amaitu zuten. Janzkirik landuenak eta harrigarrienak aurkeztu zituzten jendaurrean, sari bikaina lortzeko helburuz.

Bideo honetan ikusi ahal izango duzu Donostiako Nazioarteko Komiki eta Manga Azokaren lehenengo edizioaren laburpena:

Hastear da Donostiako Nazioarteko Komiki eta Manga Azokaren bigarren edizioa. Martxoaren 16tik 18ra izango da, eta Donostiako Kursaal Jauregia berriro beteko da dibertsioz, kolorez, erakusketa harrigarriz, hitzaldi ahaztezinez eta maila goreneko cosplayerrez. Ezingo duzu galdu, ezta?