II. Donostiako Nazioarteko Komiki eta Manga Azoka Kursaal Kongresu Jauregian izan zen, 2018ko martxoaren 16, 17 eta 18an. Bigarren edizioan ere gonbidatu asko izan ziren, erakusketa ugari, lehiaketak, cosplaya, J­aponiako eta Koreako onena, mahai jokoak, egileen sinadurak eta askoz gauza gehiago. 14.000 bisitari eta 25 egile profesional igaro ziren Komikiaren Azokatik, ekitaldiak iraun zuen hiru egunetan.

comikd-2018-22

Ekitaldira 18 artista bertaratu ziren, eta horien artean nabarmendu ziren, besteak beste, Juan Giménez, José Luis García López, Belén Ortega eta Lorena Álvarez marrazkilariak edo Ugo Serrano, zineman espezializaturiko artista. Guztiek azaldu zuten sortzaile gisa izan duten esperientzia: 13 hitzaldi eman zituzten denera, ekitaldiaren programa osatzeko.

Juan Giménezen marrazkien oinarria, askotan, diseinu industrialaren arloko bere ikerketak dira, eta Ángel Unzuetarekin batera eman zuen hitzaldian aitortu zigun maite duela marrazkigintza, eta, horregatik, ezin diola lan egiteari utzi. Hain dago itsututa marrazkigintzarekin, non igandetan ere ez baitu atsedenik hartzen. Unzuetak eta Giménezek, “Elkarrizketa: komikiaren ikuspegiak” izeneko hitzaldian aipatu zituzten lan egiterakoan aurrean izaten dituzten zailtasunak, jarraitzen dituzten urratsak, erabiltzen dituzten teknikak eta nola moldatzen diren historiak marrazkietara eramateko.

José Luis García Lópezek, Batman eta beste komiki batzuen marrazkilariak, aitortu zuen historiak marrazkietara eramateak duen zailtasuna ulertzea korapilatsua izaten dela idazlearentzat. Haren erronka nagusia zera da, testuan iristen zaiona ulergarria izatea irakurlearentzat.

Belén Ortega Japoniara joan zen ikastera eta lanera, eta haren obsesioa da gauzak ez errepikatzea, errazena den horretan ez erortzea. Azpimarratu zuen beharrezkoa dela bere lanean etengabe berrasmatzea, etengabe abangoardian egotea. Lorena Álvarez kolonbiarrak aitortu zigun gaien aberastasuna eta historiak garatzeko aukera direla bere lanaren ezaugarriak. Era berean, Álvarezek azpimarratu zuen komikia berandu sartu zela Kolonbian, baina indarrez sartu zela, bereziki emakumeen artean. Hain zuzen ere, historia hauen sortzailerik gehienak emakumeak dira.

Ugo Serranok hezurren eta animalien bildumak egiten zituen, eta hortik metalarekin lan egitera eta armadurak egitera igaro zen. “Saia zaitez, aukeratu gai bat, biluztu erabat zeure burua eta sortu estilo horretatik”, hori da haren esaldia. “Munstroak, armadurak eta odol ugari” hitzaldia Víctor Marínek babestu zuen, zinemarako munstro eta izakien sortzaile itzelak. Hitzaldia Hollywoodeko pelikulen beste alderdiaren topagune izan zen, hain zuzen ere hainbat pelikula (hasi “Eraztunen jauna” filmetik eta “Alien” filmeraino) handi egiten dituen alderdi horren topagune.

Topagunea argitaratzaileekin eta Azokako sariak

Komikiaren munduko egile garrantzitsuen bisita izateaz gain, argitaratzaileekin elkartzeko toki ere bihurtu zen berriro II. Donostiako Nazioarteko Komiki eta Manga Azoka. Espainiako eta Frantziako argitaratzaileak izan ziren Azokako gune hau indartu zutenak. Guneak balio du, hain zuzen ere, sortzaileak industriarekin elkartzeko.

Azokan sari emanaldia ere izan zen. Sarituriko kategorien artean, besteen artean nabarmendu zen Azokako Sari Handia, Juan Giménezi eman zitzaiona. Egilea izan zen azokako protagonista nagusia, eta Kursaal Jauregian zegoen jendearen txalo artean jaso zuen saria. Era berean, hauek ere saritu zituzten: Agustín Ferrer (Gidoilari Onena), Juan Luis Landa (Marrazkilari Onena), Lorena Álvarez (Kolorea), El Torres eta Guillermo Sanna (Albuma), eta Glenat (Argitaletxe Onena).

comikd-2018-14

Erakusketak ikusle guztientzat

Ez ziren falta izan erakusketak ere, Komikiaren Azokak dituen gune erakargarriak. Oraingoan, bisitariek Victor Marínen munstroak ikusi ahal izan zituzten. Munstroak Marínek berak eskuz eginak dira, eta agerian uzten dute zinemarako irudiak sortzeak zenbaterainoko lana eskatzen duen. ‘Monstroak, armadurak eta odol ugari’ erakusketa izan zen arrakasta gehien eduki zuenetako bat. Victor Marínen bilduma pribatuko pieza ezezagunak ere erakutsi ziren.

Marvel-eko superheroiek pantaila handia eta binetak utzi zituzten une batez, eta erakusketarik desiratuenetako baten protagonista bihurtu ziren. Amerika Kapitaina, Thor, Spiderman… inor ez zen falta izan komikiarekin zuen hitzordura. Amerikako komiki etxe mitikoko pertsonaia nagusiak azaldu ziren erakusketan.

Era berean, ComikD-k ohorezko gune bat jarri zuen Angel Unzuetak eginiko Star Wars-eko marrazkientzat. Unzueta duela gutxi izendatu dute Star Wars-eko jatorrizko bildumaren marrazkilari ofiziala. Galaxien Guda historiaren jarraitzaileak jabetu ziren zer lan dagoen George Lucas-ek sorturiko sagako komikiak egitearen atzean.

Asterix eta Obelixek gune berezi bat izan zuten, eta bertan 40 irudi erakutsi ziren. ‘Asterix Italian’ historiako irudiei esker, berriro ere gogora ekarri genituen komikietako betiko pertsonaia ospetsuenetakoak, Asterix eta Obelix galiar menderaezinak.

Korea edo Japonia?

Bigarren edizio honetan, Japoniako kulturaren guneaz gain, Koreari eskainiriko gunea ere inauguratu zen. Hego Korea modako herrialdea da manga kulturaren barnean, eta Komikiaren Azokako gunerik dinamikoenetakoa izan zen. Bertan karaokea ere izan zen, eta gazteenen artean modan dauden erritmoekin, K-pop musikarekin, giro itzela lortu zuten.

Era berean, Japoniako gunea ere izan zen hitzorduan. Gune horretan izan genuen ‘Katanak, armadurak eta tresnak’ izeneko erakusketa, nipondar kulturako alderdi garrantzitsu batean barrena eginiko bidaia ikusgarria. Era berean, edizio honetan ‘Jisatsu’ izeneko antzerki lana ere ikusi ahal izan genuen, Japoniako antzerki tradizionalenean zentzumenen bidez murgiltzeko.

Cosplay, unerik desiratuena

Baina begirada guztiak erakarri zituena Cosplay lehiaketa izan zen berriro ere, berau izaten baita II. Donostiako Nazioarteko Komiki eta Manga Azokako hitzordurik deigarriena eta desiratuena. Lehiaketa honetan bi kategoria izan ziren berriro ere: pasarela, eta cosplay lehiaketa. Bi kategorietan banaka nahiz bikoteka parte har zitekeen, eta partaide asko bildu ziren.

COMIKD-ren hasieratik nagusi izan den jarduera honek 4 kategoria bildu zituen, eta osperik handieneko cosplayer profesional batzuk. The Dunwich Crafter, Nyara’s Workshop eta Chuel Cosplay ekitaldira bertaratu ziren, beren sormen lanak erakustera eta bertaratuekin argazkiak ateratzera.

Artist Alley, berrikuntza; standak eta jokoak, klasikoak

Komikiaren Azokako beste elementu garrantzitsu bat standak izan ziren, eta, hain zuzen ere, 65 stand egon ziren. Horietan, bertaratuek komikiak, kamisetak, musika, bildumako irudiak eta merchandising-eko beste objektu batzuk eskuratu ahal izan zituzten. Casa del Libro, Fnac, ECC, CEX, Anaya, Astiberri edo Ponent Mon izan ziren Kursaal Jauregian ezarri ziren stand batzuk. Gainera, horietan egile batzuk beren jarraitzaileengana hurbildu ziren eta beren aleak sinatu zizkieten, adibidez, Eddy Barrows, Alonso Iglesias, Juan Giménez edo Tirso Cons izan ziren.

Standekin batera, gune berezi bat inauguratu zen, Artist Alley gunea. Toki horretan kaleko 9 artista izan ziren, eta beren lanak erakutsi ahal izan zituzten. Gune horrek bertaratuen interesa piztu zuen, arte adierazpenaren modu berriak antzemateko asmoz.

Era berean, jokorako guneak ere izan ziren. Kursaal Jauregiko kubo handian egon zen mahai jokoentzako gunea; berriro ere jende ugarik hartu zuen parte gune horretan, eta rol eta wargame jokoetan 27 orduko saioa egin zuten. Esparruko beste gune batean, gazteek eta helduek aspaldiko garaiak ekarri zituzten gogora, Arcade joko klasikoekin jokatuz, eskuan joystick-a zutela.