Aza 29, 2018 / by amanrique / Iruzkinik ez

Gai nagusitzat itsasoa hartuta, Gipuzkoako Aldundiak eta COMIKDek martxan jarri dute komikiaren lehen lehiaketa, eta 2019ko martxoaren 22tik 24ra Kursaalen izango den Donostiako III. Komikiaren Azokan ezagutuko dira irabazleak.

Comic Drawing Artist Scetch Digital Board

“Komikia eta itsasoa” lehenengo lehiaketa martxan dago. Lehiaketa hau komikiaren profesionalak ez diren egileei zuzenduta dago; hala, lehenengo edizio honetan, itsasoa gai nagusitzat hartu duten egile horien lanak bilduko dira.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Departamentuak eta COMIKDek (Donostiako Nazioarteko Komiki eta Manga Azoka) antolatu dute lehiaketa hau, eta beren lana bidali nahi duten egile, gidoilari eta marrazkilari guztientzat da. Ez dago murrizketarik nazionalitatea dela eta. Murrizketa bakarrak gaian (itsasoa) eta hizkuntzan daude; izan ere, komikiak euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez onartuko dira soilik.

Lehiaketara aurkeztuko diren lan original eta argitaragabeak epaimahai batek baloratuko ditu eta guztien artetik hiru irabazleak aukeratuko ditu. Irabazleek sari ekonomikoa jasoko dute eta beren lana 2019ko martxoaren 22tik 24ra Kursaalen izango den Donostiako Nazioarteko Komiki eta Manga Azokaren III. edizioan erakusteko aukera izango dute. Lehenengo saria 1.200 eurokoa izango da, bigarrena 800 eurokoa eta hirugarrena 500 eurokoa.

“Komikia eta itsasoa” Komikiaren I. lehiaketan parte hartu nahi dutenek beren lana 2018ko abenduaren 4tik 2019ko martxoaren 1era bitarte aurkeztu beharko dute. Eskatzen den dokumentazioa (deskargatu hemen), lehiaketaren lege oinarrietan adierazten den bezala, Postetxearen bulegoetan edo Koldo Mitxelena Liburutegian aurkeztuko da.

Lanak baloratuko dituen epaimahaia webgune hauetan ezagutuko da: Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirolaren webgunea eta Donostiako Komikiaren Azokaren webgune ofiziala.